Fagor Automationek enkoder angeluarren familia bat merkaturatu du; zeina munduan beste fabrikatzaile batek bakarrik eskaini dezakeen.
Arrasate, 2018ko martxoaren 14a.- Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburuak, Javier Zarraonandia Industria sailburuordearekin batera, Fagor Automationek Eskoriatzako fabrikan dauzkan instalazioak bisitatu ditu gaur goizean. Aitor Irure Fagor Automationeko presidenteak, José Pérez Berdud zuzendari nagusiak, Pello Rodriguez Mondragon Korporazioko presidenteordeak eta Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak egin diete harrera, Zuzendaritza Batzordeko beste kide batzuekin batera.
Bisitan zehar, lehen eskutik ezagutu ahal izan du sailburuak ekipamendu teknologiko berezi eta sofistikatua, zeinean enpresak inbertsio handiak egin dituen berriki.
Fagor Automation automatizaziorako eta makinen kontrolerako sistemen fabrikazioan dago espezializatuta, eta horiekin makina-erreminta bezalako sektore konplexuaren eta lehiakorraren beharretarako fabrikazio aurreratuko irtenbideak eskaintzen ditu. Mundu mailako enpresa da, duela hogeita hamar urte baino gehiagotik berrogeita hamar herrialde baino gehiagotan presentzia duena: lau produkzio fabrika dauzka, hogeita hamar ordezkaritza propio eta berrogei banatzaile baino gehiago. Gainera, kultura berritzaile sendoa dauka, eta hori agerian geratzen da salmenten % 10 baino gehiago I+G+b-ra bideratzen duelako; ondorioz, mundu osoan 41 patente aktibo ditu, besteak beste.
Makina-erremintetako osagaien fabrikatzaile handiena da Espainian, eta Alemania eta Japoniako enpresa handiekin ari da lehian merkatuan. Produktuaren berrikuntzaren alde egiten duen apustu irmoari esker eta hornitu den ekipamendu bereziari esker eusten dio bere lidergoari, eta, era berean, mundu mailan sektoreko enpresa handien pareko maila teknologikoak bermatzen uzten dio.
MUNDUKO ENCODER SOFISTIKATUENEN MERKATURATZEA
Garapen teknologiko aurreratuenen alde egindako apustu horren isla dira encoder angeluar berriak (edo posizio-kodegailuak), merkatuan dauden maila goreneneko ezaugarriekin, munduan Fagor Automationek eta beste enpresa batek bakarrik eskaintzen dituztenak.
Encoder angeluar horiek mahai birakariak posizionatzeko erabiltzen dira, 5 ardatzeko makinetan batez ere; izan ere, makina horietan ardatz guztien mugimendu koordinatuek encoder horiek behar dituzte, azalera konplexuen mekanizazioan kalitate bikaina lortzeko. Gamaren goi mailan nabarmen ageri dira modelo berri horiek, diseinu berritzailea baitute, zeinarekin likidoen drainatzea errazagoa baita eta haien pilaketa minimizatzen baita, muntaketa perdoia handiagoetarako bidea emanda eta, bide batez, sendotasun eta babes handiagoa emanda, kontrako inguruetan lan egiteko.
Oro har, encoder angeluarrak ardatz hutsetan instalatu ohi dira, haien barrutik kable elektrikoak, mahukak, hodiak edo antzeko elementuak pasatzeko. Hala, encoderraren barne diametroa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta elementu gehiago kanalizatu ahal izango da bertatik, makinaren diseinu osoari malgutasuna emanez. Hori dela eta, 100 mm-ko barne diametroa ezarri da eredu berrietan. Ezaugarri mekaniko horri esker, encoderraren gorputz berean integratutako errodadura pistaren teknologia garatu eta ezarri da, ±1 arku-segundoko zehaztasuna lortzeko bide bakar bezala.
Zehaztasunaz gain, bereizmenak ere modu garrantzitsuan eragiten du mekanizatuaren azken kalitatean; hori dela eta, 29 bit-eko bereizmena erdietsi da (bira bakoitzeko 536.870.912 posizioren baliokidea), aldi berean posizionatze fin bat eta ardatzen mugimendu leun bat lortuz. Bereizmen hori lortzeko, funtsezkoa izan da, alde batetik, kalitate bikaineko osagai optikoetatik abiatzea, eta bestetik, seinaleak egokitzeko potentzia handiko elektronika. Biak ala biak ere Fagor Automationen diseinu propioak dira.
José Pérez Berdud Fagor Automationeko zuzendari nagusiaren beraren hitzetan: “Encoder familia berri honekin gure eskaintza handitu dugu, makinaren diseinuan malgutasun gehiago eskainiz eta doitasun eta bereizmen mailan merkatuan liderrak diren ezaugarriak emanez. Fagor Automotionen soluzioekin, gure bezeroek beren produktibitatea hobetzen dute, energia kostuak aurrezten dituzte eta, mantentze prediktiboari esker, produkzio prozesuak eraginkorragoak eta efizienteagoak dira”.
INSTALAZIO BEREZI PROPIOEN ALDEKO APUSTU IRMOA EUSKADIN
Fagor Automationek inbertsio plan handia gauzatu du azken urteetan balio teknologiko handiko ekipamendu berezian. Garapen horiek erreferentziazko teknologia zentroekin elkarlanean gauzatu dira, IK4-TEKNIKERekin esaterako. Ekipamendu horietako batzuk dira: beira grabatzeko eraikina, bankada angeluarra, bankada lineala, masterrak fabrikatzeko bankada, PVD ekipamenduak eta gela zuriak. Ekipamendu horiei esker, merkaturatze berriak egin ditzake Fagor Automationek, encoder berriak kasu.
Apustu ekonomiko eta teknologiko horretaz guztiaz gain, garrantzitsua da, gainera, euskal kooperatibako langileen prestakuntza, esperientzia eta trebakuntza azpimarratzea. 600 pertsona enplegatzen ditu kooperatibak eta Espainiako lehen enpresa eta bakarra da posizio-kodegailu horiek modu integralean produzitzeko gai dena.
”Fagor Automationek tokiko sustrai sendoak dituen nazioarteko enpresa izateko bokazioa dauka; hori dela-eta, erabakitasunez inbertitzen dugu mundu mailako punta-puntako ekipamenduan eta pertsona prestatuenetan, produktu berritzaileenak atera ahal izateko”, gehitu du José Pérez Berdudek.
FAGOR AUTOMATION-I BURUZ
FAGOR AUTOMATION MONDRAGON Korporazioko parte da, lehen euskal enpresa taldea eta hamargarrena Espainian. 260 enpresa eta erakundek osatua dago, aldi berean lau sektore eremutan egituratzen direnak: finantzak, industria, banaketa eta ezagutza (prestakuntza zentroak eta I+Gko zentroak). 74.000 langile baino gehiago ditu egun.
Gainera, FAGOR AUTOMATION elkartekidea da AFM CLUSTERen, hau da, Espainian fabrikazio aurreratu eta digitalaren interesak ordezkatzen dituen erakundean. Lau industri elkartek osatzen dute, 400 enpresa baino gehiago batzen ditu, 12.500 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu, eta 2.500 milioi euro baino gehiago fakturatzen ditu.