Fagor Automationek euskarazko CNC-ak aurkeztu ditu IKT Mintegi batean

Abenduak 17an Bilboko Bizkaia Jauregian 180 lagun inguru batu zen Eusko Jaurlaritzak euskarazko IKTen (Informazio Komunikazio Teknologiak) inguruan antolatu zuen lehen Mintegian, eta bertan izan genuen Joxe Mari Larrañaga lankidea euskarazko CNCak aurkezten.

FAGOR EUSKARAZKO IKT MINTEGIAN
Mintegiaren ikuspegi orokorra, atzean ezkerrean Joxe Mari Larrañaga.

Sarrerako hitzaldia Patxi Baztarrikak hasi zuen, Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak “Txikiaren handitasuna edo euskara IKT etan” lelopean. Patxiren esanetan, lortu genuen duela 15 urte inguru teknologia berrien trenera igotzea, eta datozen bi hiru belaunaldietan gakoa ez da izango euskararen bizi iraupena, euskara bizia izatea baizik, eta horretarako ezinbestekoa da euskararen bizi-indar digitala, eta euskarak osasun digital ona duela azaldu zuen besteak beste.

Goiz eta arratsaldeko egitaraua izan zen hiru bloketan banatuta: Lehena euskarazko softwarea, bigarrena hizkuntza tresnak eta baliabideak eta hirugarrena App-ak eta sare sozialak.

Hain zuzen ere lehen bloke horretan parte hartu zuen Fagor Automationeko Joxe Mari Larrañaga lankideak beste hainbatekin batera: “CNC zenbakizko kontrola euskaraz Makina- erreminta sektorean” izan zen landu zuen gaia.

FAGOR AUTOMATION EUSKARAZKO IKT MINTEGIAN
Joxe Mari Larrañaga euskarazko kontrol numerikoaren zehaztasuna eskaintzen.

Larrañagak kokatze aldera zenbait kontu aipatu zituen: zer den zenbakizko kontrol bat edo kontrol numeriko bat, zein den Fagor Automationen merkatua, non dagoen kokatua Fagor Automation, eta zein sektoretan lan egiten duen.

Ondoren, Fagor Automationeko kontrolak hainbat hizkuntza aukera duela azaldu zuen eta horien artean euskara. Zentzu horretan Joxe Marik esan zuenez, lantegi mailan ez ezik irakaskuntzan ere erabiltzen da kontrol numerikoa eta horretarako garrantzitsua iruditu zitzaion Fagor Automationi duela hamarkada bat baino gehiago euskarazko bertsioa eskaintzea. Euskaraz zein ezaugarri zituen, azaldu zuen eta gaineratu simulagailua saretik doan jaitsi daitekeela frogak egiteko Fagor Automationeko web orritik.

Gure lankideak gehitu zuen, gaur egun batez ere hezkuntza mailan erabiltzen dela, baina aurrera begira erronka lantegietan gehiago erabiltzea izango dela.

Egunak aurrera jarraitu zuen, goian esan ditugun hiru ardatzekin eta bukatzeko ondorioen berri eman zen; bi hitzetan aipatzeko, euskara teknologia berrien trenera igo zen, tren horretan doa, ez atzeko bagoietan gainera, baina gakoa euskaraz dauden tresna horien erabilera da.

Egunean zehar, goian esan ditugun hiru blokeak landu ziren. Lehenengo hitzaldia, Googleko Luis Colladok eman zuen, hizkuntza bat Interneten garatua izateko erabiltzaileak, edukiak eta tresnak behar dituela azpimarratu zuen eta etorkizuneko erronkak euskarazko edukiak, musika, liburuak… beren plataformetan egotea eta ahots prozesamenduko teknologiak direla.

Euskarazko softwarearen atalean, Larrañagarekin batera Microsoft Ibéricako Montserrat Prado, Zundan enpresako Iñaki Larrañaga eta Grupo i68ko Miren Martinez aritu ziren. Lehenengoak urtarrilan Windows Phone euskaraz egongo dela aurreratu zuen eta Microsoften produktuak euskaraz daudela erakutsi zuen, nabarmendu zuen hauek erabiltzea dela garrantzitsuena. Iñaki Larrañagak software librean dauden aplikazioen berri emateko baliatu zuen bere tartea eta zerrenda luzea erakutsi zuen. Grupo i68ko Miren Martínezek Izaro euskarazko ERPa aurkeztu zuen.

Hizkuntza tresna eta baliabideen atalean, hainbat enpresek euren produktuak erakutsi zituzten. Arratsaldean App eta sare sozialen txanda izan zen eta jardunaldia Iban Arantzabalek gidatu zuen mahai inguruarekin amaitu zen. Mahai inguruan, Mondragon Unibertsitateko Maite Goñi, Izenpeko zuzendaria den Xabier Arrieta, Euskalteleko marketing zuzendaria den Koldo Unanue eta Hizkuntza Plangintzako arduraduna den Araceli Díaz de Lezanak parte hartu zuten.